Taldearen historia
Lekunberritik mundura!

Musikari dagokionez, zaila da Berri Txarrak estilo bakar batean sailkatzea, jakinmin musikal ase ezin batek bultzatuta gauza izan baitira denboran zehar euren rocka modu harrigarrian aberasteko, edozein etiketa txiki utzi arte. Taldearen ezaugarri behinena da, halere, melodia gogoangarrietarako duten abilezia berezkoa, musika edozeren gainetik hunkitzea dela itsuki sinestuta. Ez alperrik, Gorka abeslariak urteak daramatza Weezer, Nirvana edo Pedro The Lion bezalako taldeak aldarrikatzen. Ezin aipatu gabe utzi haren letrak, hitzen bidezko irudien bidez gogoeta eta emozio sakonak sorrarazteko abilezia erakusten duten aldetik.
Beharbada horrexegatik, jarrera irekiko talde aktibo honek Steve Albini, Ross Robinson, Bill Stevenson, Jason Livermore edo Ed Rose-en mundu mailako ekoizleekin lan egin izan du. Ahaztu gabe Ricky Falkner, Karlos Osinaga 'Txap', Kaki Arkarazo edo Santi Garcíaren alboan egindako grabaketak. Agian horregatik euren diskoetan Tim McIlrath (Rise Against) edo Matt Sharp (The Rentals, Weezer) bezalako musikarien kolaborazioak topa ditzakezu. Ziurrenik horregatik lortuko zuten 2010eko 'INTERNATIONAL MUSIC AWARDS' (IMA) sarietan 'Kantu Punk Onenari' vox-pop saria, edo 'Estatuko zuzenekorik onena" Madrilgo MIN sarietan (2015), Euskarazko Diskorik Onena 'Denbora da poligrafo bakarra' lan hirukoitzarekin.... Nork daki horregatik ote den azken hamarkadan Estatuko musika-aldizkari anitzetan urteko onenen zerrendetan lehendabiziko postuetan egon izanaren arrazoia, besteak beste Mondosonoro, Rock Sound, Kerrang!, Ruta 66, Rockzone edo Entzun!-en.
Sariak alde batera utzita, euskarazko rockaren historian mugarri den BEC-eko kontzertua, 10.000 ikusletik gora bildu zituena, har liteke ibilbide harrigarri honen laburpen moduan. 'Infrasoinuak', 2017 amaieran taldearen beraren zigiluan ateratako disko berriaren aurkezpen emanaldi berezi eta bakana izan zen). Ezin ahaztu, halaber, mila kontzertu baino gehiago eskaini dituztela munduan barna (kasualitatea edo ez, euren 1.000garren kontzertua Zelanda Berrian izan zen, taldearen sorterriaren antipodetan, hain justu ere).
Entsegu lokal batean jaio, errepidean zaildu eta zuzenekoan ikusi beharreko taldea da zinez Berri Txarrak. Eurek dioten moduan, 'pasioa baita exigitzea zilegi den gutxienekoa'. JAIO.MUSIKA.HIL
Taldeko kideak


